Hizkuntza Proiektua
Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola Enkarterrietako ikastola bakarra da. Ikastola honek Balmasedako eta herri honetatik hurbil dauden Bizkaiko eta Mena Haraneko herrietako ikasleak eta familiak biltzen ditu. Herrian ohiko hizkuntza gaztelania da eta, hain zuzen ere, hau da gehienetan ikastetxea eta familien artean erabilitako hizkuntza. Gazteleraren eragina oso handia da eta horrela izan da betidanik. Honek euskara plazaratzea zaildu egiten du, nahiz eta herrian euskara indarra bereganatuz joan.
1972. urtean Balmasedan, eskualde honetan euskara eta euskal kultura ardatz zituen hezkuntza euskalduna lortzeko, Zubi Zaharra Ikastola sortu zen gela bakar batekin. Pausuz pausu hori handitzen joan gara eta gaur egun Ikastolan 0tik 16 urtera arte eskaintzen den eredu euskalduna D da. Beraz eragin handia daukagu zonaldearen euskalduntzearen prozesuan.
Euskara gure hizkuntza proiektuaren ardatz nagusia izanik, argi daukagu euskara bizirik mantentzeko ezin garela murriztu gelan lortzen den maila akademikora bakarrik, baizik eta bizitzako egoera eta behar guztietarako tresna eragingarri gisa erabili, gozatu, indartu, babestu eta maitatu nahi dugula.
Euskal Curriculuma oinarritzat hartuz, ikasleek ingurune desberdinetan eta norberaren egoera pertsonaletan, euskaraz ahoz eta idatziz sortutako testu eta mezuak zuzen, autonomiaz eta sormenez ulertzea eta adieraztea lortu nahi dugu. Hau da, euskara da gure komunikazio tresna eguneroko bizitzako eremu guztietan. Euskararekiko jokabide baikorrak garatzen saiatzen gara, gure hizkuntza, euskara, maitatu eta baloratzeko.
1998/1999an Euskaraz bizi proiektuan sartu ginen. Ordutik hona, proiektu hauen baitan, besteak beste, motibazio-kanpainak, eskolaz kanpoko ekintzak, aisialdirako jarduerak eta gelaz kanpoko ekintzak antolatzen ditugu urtero: Olentzero, Agate Deuna, ihauteriak, euskal astea, egonaldiak, murgiltze astea, zinema, antzerkiak, etab.
Horrez gain gure hizkuntza proiektuan beste 3 hizkuntza daude guztiz txertatuta: Gaztelania, ingelera eta frantsesa. Gure ikasleek euskaraz lortzen duten komunikazio konpetentzia maila berbera gaztelaniaz ere garatzen dute bai ahoz zein idatziz. Hemen zonaldeko eragin soziolinguistikoa lagungarria da helburua lortzeko.
Ikastolak, Hezkuntzaren eta Hizkuntz Proiektuaren ardatza euskara duela, pertsona euskaldun eleaniztunak hezitzea, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratu nahi du.
Horretarako 2003/2004 ikasturtetik Eleanitz-English proiektuan sartuta gaude, ezagutua eta saritua nazio arteko mailan. Lau urterik aurrera ikasleek ingelesa ere ikasten dute,2, 3 ala 4 saio astean, mailaren arabera, bi helbururekin: batetik, adin goiztiar horretan ikasleek hizkuntzak bereganatzeko duten erraztasunaz baliatzeko; eta, bestetik, DBHren plangintzaren barruan ingelesa ikasteko ordu kopurua handitzeko. DBH3-4an gizarte ingelesez lantzen da. 2009/2010 ikasturtetik Eleanitz-Français proiektuaren partaideak ere bagara. DBH-ko ikasle aukera dute frantsesa ikastekoe astean 2 saioetan.
Eleanitz proiektuak ekarri diguna izan da hizkuntzen curriculum bateratua disenaitzea, hau da, hizkuntza batean ikasitakoa beste hizkuntzetara transferitu, aplikatu eta orokortzen da. Norberak bereganatzen dituen hizkuntzak ez dira banan-banan garatzen, baizik eta modu integratuan. Irakaskuntzaren erdigunean ikaslea dago eta ezagutza elkarrekintzan bereganatzen da.
Eleanitz proiektua Ikastolen Elkartean 1991 urtean abiatu zen euskal hiztun eleanitzak hezteko helburuarekin. Helburu hori bete ahal izateko, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesaren irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak marko metodologiko eta curriculum komun baten baitan bildu ziren.
Eleanitz-English eta Eleanitz-Français proiektu zabal horren adarrak dira, eta honako ezaugarriak dituzte:
- Ingelesaren ezartze goiztiarra: 4 urtetik aurrera.
- Frantsesaren ezartzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrera.
- Ekintzan oinarritutako ikuspegian sortutako ikasmaterialak eta proposamen didaktikoak: hizkuntzaren ikaskuntza ekintza esanguratsuak gauzatuz eta ekintza horiek besteekin partekatuz gauzatzen da (adb. ipuin dramatizatuak, ataza eta proiektuak, CLIL/EMILE).
- 4-16 adin tarteetarako ikasmaterial progresibo eta koherenteak.
- Irakasleen prestakuntzan eta garapen profesionalean ardaztua.
- Irakaskuntza metodoen, ikasmaterialen eta irakasleen prestakuntzaren jarraipena eta hobekuntza barne- eta kanpo-ebaluazioen bidez.
Curriculum bateratua sortzeko 2009/2010 ikasturtean, Ikastolak erabaki zuen Hizkuntz Proiektua garatzea Ikastolako hizkuntza bakoitzaren inguruan sortutako proiektuak uztartzeko, hizkuntzaren irakaskuntzan erabilitako ikuspegi eta metodologia guztiak bateratzeko.
Ikastolan euskaraz gauzatu nahi dugu gure bizitza ikasleek, irakasleek, langileek….kanpoko instituzioekin, zerbitzuekin eta ahal den neurrian gurasoekin gero eta gehiago.
Euskara ardatzat duen heziketa eleaniztuna arrakastaz sustatuko bada, gogoan izan behar dugu hizkuntzekiko jarrerak gurasoek ere lantzea garrantzi handiko kontua dela. Beraz, gurasoek ere etxean seme-alabei irakatsi beharko liekete euskararekiko maitasuna eta beste hizkuntzekiko errespetua.