Hezkuntza sozioemozionala
Hezkuntza-prozesuak, iraunkorra eta etengabea denak, garapen emozionala sustatzea du helburu, garapen kognitiboaren oinarrizko osagai gisa. Bi elementu hauek funtsezkoak dira izaera integralaren garapenean. Zubi Zaharra Ikastolan, ikasleak ezagutza eta konpetentzia emozionaletan trebatzea da gakoa, bizitza pertsonal eta profesional arrakastatsua izan dezaten, alde batetik, eta ongizatea –osasun eta elkarbizitzari dagokionez- lor dezaten.
Batzuetan, hezkuntza emozionaleko programak burutzea ez da lan erraza izaten, eskola bakoitzaren ezaugarriak, irakasleek gai horretan duten prestakuntza eta gaia lantzeko duten denbora, gizarte ingurunearen ezaugarriak eta beste hainbat faktore direla medio. Hori dela eta, Zubi Zaharran pixkanaka hasi gara azken helburua lortzeko, hau da, programa-eredua ezartzeko, alegia lehen hezkuntzaren 1 mailatik aurrera, astero saio bat egokituz.
Jarraian, Zubi Zaharra Ikastolan hezkuntza emozionala integratzeko aukera ezberdinak aurkeztuko ditugu:
• Aldizkako orientazioa: irakasleek unean uneko aukera aprobetxatzen dute hezkuntza emozionala irakasteko.
• Aldi berean egiteko programak: eskolaz kanpoko ordutegia erabiltzen da, eta borondatezkoa da.
• Derrigorrezko irakasgaia: hezkuntza emozionalari buruzko derrigorrezko irakasgaia eskaintzen da, lehen hezkuntzaren 1 mailatik bigarren hezkuntzako 4. mailara arte.
• Tutoretza-plana: orientazio-sailak, ikastetxeko tutoreekin elkarlanean, hezkuntza emozionalaren dinamizazio-tresna izango den tutoretza-plana prestatzen du. Tutoretza, tutoreak burutzen duen orientazio-jarduera da, eta lotura estua du hezkuntza- prozesuarekin eta irakaskuntzarekin. Tutoretza ez da bakarrik egiten, taldean eta era koordinatu batez egin behar den jarduera baita. Beraz, tutoreak, irakasleak, familiak eta ikastetxe osoak hartu behar du parte. Hezkuntza-jarduera hau talde osoak burutu behar du, ikasleria guztiari dago zuzenduta, eta ikastetxeko talde pedagogikoarekin elkarlanean egin behar da.
• Curriculumean sartuz: hezkuntza emozionalaren edukiak irakasgai eta hezkuntza-maila guztietan zeharkatzean datza. Ikasgai guztietako irakasleek aprobetxa dezakete, irakasten ari diren bitartean, hezkuntza emozionalarekin erlazionaturiko edukiak eskaintzeko. Ez dugu ahaztu behar hezkuntza emozionala zeharkako gai kontsideratu behar dela. Hezkuntza emozionalaren programa curriculumaren parte izan behar da, unitate didaktiko ezberdinetara egokitutako materialak erabiliz.
• Hiritarrentzako heziketa: elkarbizitzarako beharrezkoak diren kontzeptu, trebetasun eta jarrerak garatzeko esparru berri honetan, baliagarria izango litzateke konpetentzia emozionalak lantzea.
Zubi Zaharra ikastolan, hezkuntza sozio-emozionalaren helburuak honako hauek dira:
- Ikaslearen garapen integrala sustatzea.
- Norbere emozioak hobeto ezagutzea.
- Besteen emozioak identifikatzea.
- Norbere emozioak erregulatzeko trebetasuna garatzea.
- Emozio negatiboen ondorio kaltegarriak ekiditea.
- Emozio positiboak garatzeko trebetasuna garatzea.
- Automotibatzeko trebetasuna garatzea.
- Bizitzeko jarrera positiboa izatea.
- Pertsonarteko harremanak hobetzea.
- Ongizate pertsonal eta sozialerako bizi-trebetasunak garatzea.