Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangon mobilizatzeko deia egiten dugu.
Euskararen Errepublika eraikitzeko premia inoiz baino agerikoagoa dela ulertuta, manifestazio nazionala deitu dugu. Arratsaldeko seietan abiatuko da Landako Gunetik.
Aurrera edo atzera?
Hor dago koxka. Euskarak, euskaldunok, urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik. Jada ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago.
Bidean aurrera egin genuen, nahiz eta aurkako indarrak, beti hor egon, gure hizkuntza, eta ondorioz, “gu” hori desagerrarazi nahiean. Zoritxarrez, azkenaldian, aurkako indar horiek bizkortu egin dira eta euskararen aurkako erasoaldi bat, oldarraldi bat, bizi dugu, epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikatu eta alderdiren diskurtsoetatik datorkiguna. Aurrera egindako guzti hori atzerarazi nahi dute. Bitartean, sistema basati honek gero eta mundu globalizatuago eta atomizatuago bateruntz eramaten gaitu, herriak eta komunitateak deseginez.
Bizi dugun oldarraldi hau ez da fenomeno isolatu bat. Munduan zehar indartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren baitan kokatu beharra dago. Logika berberaren baitan altxatzen dituzte olatu atzerakoiak: langileon bizi baldintzak kaxkartu, emakumeon eskubideak murriztu, sexu disidentziak zigortu, etorkinekiko gorrotoa hauspotu, interes elitisten mesedetarako herriak zatitu eta suntsitu…
Ez dugu mundu hori nahi. Ez dugu atzera pausorik onartzen. Faxismoari aurre egin behar diogu, euskaratik eta euskalgintzatik ere!
Baina, ezin dugu jasotako erasoei erantzute hutsarekin konformatu. Eta ez da nahikoa horiei aurre egiteko adostasun zabalak eraikitzea ere. Gure helburuetan berretsi eta horietara iristeko indar handiagoa egitea dagokigu, bide horretan gatazka egokiak piztuz, pedagogia eginez, bestelako borrokekin saretuz, eta espazioak irabaziz. Baina, guk argi dugu, Euskal Herri euskalduna lortuko badugu, beharrezkoa izanen da euskara ardatz izanen duen independentzia lortzea, hau da, Euskararen Errepublika eraikitzea.
Ez dugu dagoenarekin konformatu nahi, ez dugu anestesia edo lasaigarririk behar, herri euskaldun eta burujabe bat nahi dugu. Aske zentzu guztietan. Eta horregatik, bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka guzti horiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasten, asko da jada egin dena, beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bide hori, egunerokoan, intsumisiotik eta antolatuta. Euskal Herria izan dadin mundu ilun honetan itxaropen-argi, askapenerako bidean inspirazio-iturri.
Abenduaren 7an, euskaltzaleok hitzordu garrantzitsua dugu Durangon. Manifestazio nazionala eginen dugu, arratsaldeko seietan Landako Gunetik hasita. Faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea ikustarazteko. Hizkuntza-larrialdiaren aurrean, Euskararen Errepublika eraikitzea beharrezkoa dela aldarrikatzeko. Eta helburu hori, beste askorekin batera, borrokatuz, lortuko dugula baieztatzeko. Horregatik, abenduaren 7an euskaltzaleok Durangora!